Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria
Europar Batasuneko eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatze aldera, erkidegoko araudiak xedatu du eraikinek energia-ziurtagiri bat izan beharko dutela, eta estatu kide bakoitzak kontrol-sistema aske bat ezarri beharko duela ziurtagirien kalitatea bermatzeko.
Erkidegoko araudiari jarraikiz, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak, 2013ko ekainaren 1etik aurrera, ezarri zuen higiezinen edo haien zatien adibide diren etxebizitzen eta lokalen jabeek eraginkortasun energetikoko ziurtagiri bat eduki beharko dutela horiek saldu edo alokatzeko. Eredu gisa, herri-administrazioek ere ziurtagiri bera eduki beharko dute haien eraikinetan. Ziurtagiri hori Autonomia-erkidego bakoitzak antolatutako Erregistroan inskribatu beharko da.
Higiezinaren eraginkortasun energetikoa ebaluatuko du ziurtagiriak, eta kalifikazio bat emango dio A, eraginkortasun handiena dutenentzako, eta G arteko letra baten bidez, eraginkortasun gutxiena dutenentzako. Eta horretaz gain, haren eraginkortasun energetikoa hobetzeko gomendioak ere jaso beharko ditu.
Gehiago aurreztea eta eraginkortasuna sustatzea da xedea, bai eta eraikinak balioetsi eta alderatu ahal izatea ere, eraginkortasun handiena dutenak eta energia aurrezteko inbertsio gehien egin dituztenak sustatu ahal izateko. Eraikinak energiaren ikuspegitik birgaitzeko egiten diren inbertsioek eragin zuzena dute energia-gastuan, eta, beraz, fakturetan energia eta dirua aurreztea dakarte.